Erleak

Intsektu langile hauen informazioa duzu testu honetan. Arretaz entzun eta irakurri ondoren,  inprimakiko galderei erantzun.

Erleak erlauntz izeneko kolonietan bizi dira. Erlauntz bakoitzeko bizilagunek talde edo familia handi bat osatzen dute.

• Talde guztietan bada erle nagusi bat, erle erregina, gainerako guztien ama dena. Bera da erlauntzeko eme emankor bakarra, eta bere zeregina arrautzak *errutea da. Udaberrian eta udan, 2.000 arrautza gutxienez jartzen ditu egunero. Bi urte pasa ondoren, arrautzak jartzeko gaitasuna gutxitzen zaio. Erregina bost edo sei urte bizi daiteke.

• Erreginaz gain, badira zenbait ar, erlamandoak izenekoak. Erlamandoak oso alferrak dira: horien helburu eta egiteko bakarra erle erregina ernaltzea da, eta ez dira luzaroan bizi izaten. Langileak baino handiagoak dira, eta abdomen zabalagoa daukate; hegoak gorputza baino luzeagoa dituzte.

• Azkenik, erle langileak ere, hots, *erle eme antzuak, bizi dira erlauntzean; taldeko gehiengoa osatzen dute. Izenak berak dioenez, erle langileak erlauntzeko lan guzti-guztiaz arduratzen dira: argizaria egiten dute eta abarasketako gelatxoak eraikitzen dituzte; polena biltzen dute; eztia egin eta abarasketan pilatzen dute; larbak elikatu eta zaintzen dituzte; erlauntza zaindu, desinfektatu eta garbitzen dute. Langile fin eta nekaezinak dira benetan. Zortzi hilabete baino ez omen dira bizitzen.

 Argizaria egiteko glandulak dauzkate sabelaldean. Ezkata txiki batzuk sortzen dituzte eta ondoren masa bat egiten dute ahoarekin, hexagono formako gelatxoak egiteko.

Eztia: Eztiaren osagai nagusia loreek isuritako nektarreko azukrea da. Lore mota bakoitzaren nektarrak bere zaporea du, beraz, mota askotako eztiak daude. Loreen nektar irentsi eta digestioa egin ondoren eztia tronpatik ateratzen dute. Eztiaren bilketa bera ere kontu handiz egin behar da. Abaraskak zentro berezi batera eramaten dira eta han ateratzen da eztia.

Erleak urtean zehar: Neguan erlea jan eta lo egoten da, eta ez da atarian asko ikusten, eguzki ederrak jotzen ez badu. Neguko hotzen eraginez, asko hiltzen dira. Negu gogorretan eta ezti gutxiegi uzten zaienean erlauntz osoa desager daiteke. Udaberri aldera erleen mugimendu handia hasten da. Hanketan polen-pilota horiak nabarmentzen dira, eta erlauntzetan dagoen sartu-irtena handia da. Erreginak arrautzak jartzen ditu, eta uda hastean erlauntz ertain batean 39.000 langile eta 1.900 erlamando izan daitezke. Erlekume gehienak maiatzean eta ekainean jaiotzen dira. Erle erreginak *errun dituen arrautzetatik jaiotzen diren erletxoak larba zuriak dira, hegorik eta hankarik gabeak eta buru txiki-txikia dutenak. Udazkenean, erleek gero eta lan gutxiago egiten dute. Egunak laburragoak dira eta gauak freskoagoak. Goizean ere, beraz, beranduago ekiten diote lanari.

Erleen arteko komunikazioa: Erleek elkarrekin komunikatzeko sistema edo hizkuntza berezia dute. Gorputzeko mugimenduen bidez, jira-biraka dabiltzala, adierazten dituzte gauzak. Erle batek lore soro bat aurkitzen duenean, erlauntzera itzultzen da gainerako kideei janaria non aurkitu duen esatera eta dantzan hasten da jirabiraka.

 

* Erle eme antzuak: ez dute arrautzarik erruten

* Errun: arrautzak jarri

(Santillana. Irakurgaiak 4: Moldatua eta osatua)

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude