Teknologia berriak….

“Teknologia berriak, metodologia zaharrak?”

1968ko azaroaren goiz hotz hartan “Luis”ek  Santa Elena eskolako ikasgela zahar batean, leihotik begira, alboen hostoak nola erortzen diren ikusten du. Horiek, bere erorkeran, buztinezko lurzoruko  kaniketara jolasteko zulotxoak estaltzen dituzte. Egurrezko leihoko beiretako ur-lurrunaren kondentsazioaren artean, San Marcial mendirantz igotzen diren zelai berdeetan artalde bat larretan dabil, artzaina zelaia mugatzen duen urki baten ondoan garo-meta prestatzen duen bitartean. Muinoko gailurrean San Martzial baseliza, zuria eta gorria. Beheko aldean, Olaberria  errekaren ondoan erromatarrek eraikitako tenplu baten gainean, “La Ermita de Santa Elena”ren harrizko hormak eta sarrerako arkua sumatzen dira ehun urtetik gorako lizar batzuen artean.

Ikasgelan berrogeita sei ikasle dira; berrogeita seiak mutilak. Egurrezko idazmahaietan binaka eserita, Don José  “maestro”a aurrean dute. Horren atzean, eta pareta zartatuan zintzilik, Francoren irudia gurutze baten ondoan. Arbelean, kolorez margotuta, Espainiako mapa  eta bere ibairik inportanteenak. Marrazkilari ezin hobea da Don José.

Hotz handia egiten du kanpoan. Barruan, berriz, ez. Izkina batean butano-berogailuko sugar urdinak dar-dar egiten du. Egunero bezala, otoitz egin ondoren, isilik gelditzen dira.Isiltasuna Don Celsoren ikasgelatik heltzen diren biderkatzeko taularen urrutiko doinuek hausten dute.

Hirurogeita zortzi urteko maestro potolok, bibotedunak eta burusoilak liburua ateratzeko esaten duenean, denok batera idazmahaietako tapa ireki eta zaratarik egin gabe duten liburu bakarra hartzen dute. Entziklopediak Alvarez du izena. Zuri-beltzezko zenbait marrazkiz apainduta, eskolan duten arlo gehienak azaltzen ditu. Gaur geografia ikasi behar dute: Iberiar Penintsulako ibaiak, hain zuzen. Testua irakurri ondoren, Don Josek, egurrezko erakusle batekin arbeleko marrazkiari seinalatuz, ibaien izenak galdetzen ditu.

Berrogei urte beranduago Ama Xantalen ikastetxe berrituan, 2010ko azaroaren goiz fresko horretan, zortzi urteko Koldok , aluminiozko leihoko kondentsatu gabeko “climalit” kristaletatik begiratzen duenean, patio biluzik bat ikusten du. Zuhaitzik gabeko asfaltozko  jolastoki horretan porlanezko eserlekuen azpian plastikozko poltsek zikintzen dute lurzorua. Zutabe baten azpian erreglamentuzko  baloi bat dago. Begiak altxatzen dituenean, solairu askoko eta adreiluzko etxeek bere aitak ikusten zituen zelaiak , baserriak  eta San Martzial baseliza ezkutatzen dituzte. Beheko aldean, berriz, Ama Xantalen baseliza oso ondo ikusten da zuhaitz gazte batzuen artean.

Ikasgelan 17 ikasle daude. Hamar mutilak eta zazpi neskak banakako idazmahai berdeen atzean esertzen dira. Hogeita hamar urteko Maite andereñoa haien aurrean dago bere mahai gainean koadernoak zuzentzen. Aurreko paretan  eta kortxozko panel batean egutegia eta beste orri batzuk. Ondoan, arbela zuri bat .

Kanpoko freskoa ez da barruan nabaritzen. Berokuntza zentrala piztuta dago eta bero handiegi egiten duenez, leiho bat ireki dute. Oso ekologikoa, andereñoak dioenez.

Isiltasuna da nagusi .  Leihotik sartzen den freskoarekin batera, 5.mailako ikasgelatik heltzen den buruzko kalkulua entzuten da.

Ingurune dute lehenengo orduan. Kolorez beteriko liburu atera ondoren, 3.gaia irekitzen dute: Euskal Herriko ibaiak. Testua irakurri ondoren, Andereñoak 4000€ko arbela digitala bat erabiliz Euskal Herriko mapa proiektatzen du . Maitek, urruneko erakusle batekin  pantailako mapari seinalatuz, ibaien izenak galdetzen ditu.

Share and Enjoy:
  • Imprimir
  • Digg
  • StumbleUpon
  • del.icio.us
  • Facebook
  • Yahoo! Buzz
  • Twitter
  • Google Bookmarks